XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Laugarrenean, berea bezalako egoeran dagoen haur baten errukia.

- Bostgarrenean, haurraren haurren egoera penagarriaren sintesia.

Hirugarren urratsa: edukinen eta espresaeraren arteko erlazioa.

Orain arteko azterketaren ondorioz badakizkigu testuaren gaia eta bai atalez atal azaltzen diren edukinak.

Honakoan, dagoeneko, komunikatu diguna nola azaldu duen aztertu behar da, hau da, edukina adierazteko aukeratu duen espresaera.

Beraz, erabili den adierazpide motari gagozkio: narrazioa, deskribapena, esposizioa, bakarrizketa, elkarrizketa... eta abar.

Laburkiro azalduko ditugu hiru garrantzitsuenak: Deskribapena

Deskribapenaren bidez irudiak sortu nahi ditu idazleak irakurlearengan; pintura baten aitzinean jartzen du irakurlea, hitzez moldatutako koadro baten aurrean, ikusi egin dezakeelarik deskribatutakoa.

Narrazio

Narrazioaren bidez denboran kokatzen diren ekintzak kontatzen dira, egiazkoak nahiz asmatuak izan daitezkeelarik.

Narrazioetan badira ekintzetan parte hartzen duten pertsonaia batzuk.

Ekintzek, bestalde, badute amaiera bat, kontatu denarekin erlazioan dagoena.

Elkarrizketa

Narrazioan pertsonaiek esandakoa hitzez hitz tartekatzen denean, elkarrizketa dugu.

Elkarrizketa marra nahiz komatxo bidez bereizten da kontaketan.

Esan dezagun, bukatzeko, narrazioetan, normalean, deskribapenak eta elkarrizketak agertzen direla tartekaturik.

Oso gutxitan aurkituko ditugu deskribapen, narrazio edo elkarrizketa hutsak.

Beraz, lehengora itzuliz, hauxe izan behar dugu kontutan: ea atal guztiak adierazpide mota berdin batez gauzatu dituen ala mezua aldatu ahala espresaera ere aldatu egin duen.

Testu hau honela dago moldaturik: lehen eta bigarren atalak deskribapenak dira; hirugarrenean, gurari baten esposizioa eta horren ezintasuna; laugarrenean, narrazioa eta, bostgarrenean, idazlearen gogoeten esposizioa.

Laugarren urratsa: atal bakoitzaren gaiarekiko funtzioa.

Hasieran esan dugu egitura finko bati jarraituz eratzen direla testuak, eta atal bakoitzak gaiaren alderdi bat desarroilatzen duela.

Orain, atal bakoitzak gaiarekiko betetzen duen funtzioa argitu behar da.